2015(e)ko uztailaren 2(a), osteguna

Milesker Itsaso!

Itsasoko ura ona da gauza askotarako. Zirkulazioa hobetzen du, zauriak sendatzen ditu, katarroarekin sudurra gainezka dugunean libratu egiten digu, eta abar luze luze bat.
Beti esan izan da itsasoak baduela zerbait berezia. Onura fisikoak baino gehiago dakartzan zerbait. Zerbait erakargarria.
Ez naiz esaerei "zeba bai" arrazoia ematen dion horietakoa, baina kasu honetan hala egitea besterik ez zait geratzen.
Itsasondotik idazten ari naiz. Itsasondoan nengoela sortu zait hau idazteko beharra. Hondarretan etzanda nengoela begiak itxi ditudalako eta itsasoaren soinuak beregan hartu nauelako ni ohartu ere egin gabe. 
Olatuen joan etorriaren musikarekin gelditu naiz une batez. Bakarrik. Ze melodia ezaguna, zeinen gustora egoten den hemen! 
Eta bapatean, 10 urteko Nerea izatera bueltatu naiz. Amama Terekin Debako hondartzan uretan jolasten eta olatuak hartzen egon ondoren toallan etzan eta itsasoa entzuten jartzen zena. Eta sentitu det berriro ere umeak garenean dugun askatasun sentsazio hori. Eta amamaren irriak entzun ditut berriro ere. Txiste txar bat kontatu, eta laztan batez aurpegiko ileak kentzen zizkidan bitartean egiten zituen irri hoietakoak
Eta ohartu gabe itzuli naiz. Orain ez ditut 10 urte. Orain ez dago Amama gurekin. Gauza asko aldatu dira 20 urte hauetan, baina itsasoa berdin dago. Urteek ez dute zaharkitu, urteek ez dituzte bere melodiak desafinatu.

Une zoragarria izan da. Milesker Itsaso!

2015(e)ko ekainaren 11(a), osteguna

Agur

Etxe-aldaketa batean murgilduta daramat azkeneko astea. Aldaketetan murgilduta azken hilabeteak. Eginbeharrak, planak, ideiak, pentsamenduak, sentimenduak.
Burua lehertu behar zaidala iruditzen zait batzuetan. Eta horregatik, agian, hasi naiz hemen idazten; ideia eta pentsamendu batzuk azaleratzearekin batera karga arinduko ote zaidanaren esperantzaz.
Edo agian, norbaitek, nere norbaitek, aspertzen ari naizela esaten diodan bakoitzean blog bat sortzea proposatzen didalako.

Zenbat traste eta erropa ote ditugun alfer alferrik gure etxean? Earki gordeta ditugu, armairuen goiko aldean sartuta, edo salako apal polit horiek edertzen. Eta ez. Gure egunerokotasunean ez digute trabarik egiten, etxean daudenik ere ez dugu sumatzen. Baino iritsiko zaizue gehienori bai, etxe aldaketa egiteko egun hori. Eta orduan, nik egin dudan bezala, pentsatuko duzue "Ze ostiatako ditut nik gauza guzti hauek?"
Eta orduan erabakiko duzue behar dituzuen gauzak bakarrik garraiatuko dituzuela eta besteei Agur esango diezuela betirako.

Agur traste zaharrei eta Agur beste askori ere. Aldaketa orok dakar agurtze prozesu bat. Nire kasuan agur esango diot etxe goxo eta eder bati, agur esango diot herri txiki eta jator bati, agur Plazaolako Bide Berdeari, agur Aralarri, agur Nafarroari. Eta noski, agur pertsona berezi askori. Irribarreak garesti nituen egun haietan algara bat lapurtu zidatenei, beti laguntzeko prest egon diren hoiei, lagun lagunak izan diren hoiei, herriko plazan hainbeste orduan konpainia egin didaten hoiei.


Ez gaitezen dramatiko jarri, agurrak dira guzti hauek bai, eta edozein agurrek sortzen duen tristura sentitzen dut guzti hauetan pentsatzean. Baina geroarte usaineko agurrak dira. Ez dut itsasorik zeharkatuko, ondoko probintziara noa. Beraz, Geroarte!

Hori bai, Zin egin diot nire buruari benetako agur agurra esango dietela etxean alf
errik ditudan traste guztiei. Eta hori bete egingo dut. Edo agian ez?