2015(e)ko uztailaren 2(a), osteguna

Milesker Itsaso!

Itsasoko ura ona da gauza askotarako. Zirkulazioa hobetzen du, zauriak sendatzen ditu, katarroarekin sudurra gainezka dugunean libratu egiten digu, eta abar luze luze bat.
Beti esan izan da itsasoak baduela zerbait berezia. Onura fisikoak baino gehiago dakartzan zerbait. Zerbait erakargarria.
Ez naiz esaerei "zeba bai" arrazoia ematen dion horietakoa, baina kasu honetan hala egitea besterik ez zait geratzen.
Itsasondotik idazten ari naiz. Itsasondoan nengoela sortu zait hau idazteko beharra. Hondarretan etzanda nengoela begiak itxi ditudalako eta itsasoaren soinuak beregan hartu nauelako ni ohartu ere egin gabe. 
Olatuen joan etorriaren musikarekin gelditu naiz une batez. Bakarrik. Ze melodia ezaguna, zeinen gustora egoten den hemen! 
Eta bapatean, 10 urteko Nerea izatera bueltatu naiz. Amama Terekin Debako hondartzan uretan jolasten eta olatuak hartzen egon ondoren toallan etzan eta itsasoa entzuten jartzen zena. Eta sentitu det berriro ere umeak garenean dugun askatasun sentsazio hori. Eta amamaren irriak entzun ditut berriro ere. Txiste txar bat kontatu, eta laztan batez aurpegiko ileak kentzen zizkidan bitartean egiten zituen irri hoietakoak
Eta ohartu gabe itzuli naiz. Orain ez ditut 10 urte. Orain ez dago Amama gurekin. Gauza asko aldatu dira 20 urte hauetan, baina itsasoa berdin dago. Urteek ez dute zaharkitu, urteek ez dituzte bere melodiak desafinatu.

Une zoragarria izan da. Milesker Itsaso!